top of page

5.JARDURA: “Lasaitasunaren kandelak”

Hiru kandelen laguntzaz, ipuin bat kontatuko diegu haurrei. Ipuina nik asmatutakoa da. Kandela horiek, magikoak dira eta lasaitasuna bermatzen dute. Protagonistak hiru galtzerdi dira eta maitagarri batek hauei lasaitasuna lortzen laguntzen die oso triste daudenean eta maitagarriak hauen negarrak entzuten dituenean, haien ondora hurbildu eta laguntzen die. Honen helburua da haurrak ikustea nola eman daiteken emozioen erregulazioa. Batzuetan bakarrik egin dezakegu baina beste batzuetan besteen laguntza behar izango dugulako.  

NIK SORTU DUDAN IPUINA

 

Ilundu du, eta ilargia ageri da zeru goian. Iluntasuna da nagusi. Oheratzeko ordua da, eta iluntasun hartan badira 3 etxe argia piztuta dituztenak. Lehengo etxean, GALTZERDI ARROSA bizi da eta ohera joaterako ordua iritsi denean, oso triste dago. Ohean buelta asko eman arren, ez du lo hartzea lortzen. Galtzerditxo honek arazo bat dauka, puntan, zulotxo bat dauka eta hortik hotza eta zikinkeria sartzen zaio. Beraz, arratsalde osoa egon da zuloa tapatzeko gauzak bilatzen: tapoia, harria, beste oihal bat gainean jartzen saiatu da, baina ezin. Josten ere saiatu da...baina ez dakienez ziztatu egin da. Horrela, orduak eta orduak eman ditu...eta ezin zuloa estali. Gauean, lo egin ezinik, malkoak erortzen zaizkio begietatik. Orduan, maitagarria agertu da eta honela esan dio:

  • Aizu! galtzerditxo! zer dira negar horiek? 

  • Ba begira…. eske...puntan zulotxo bat daukat eta ez dakit nola konpondu…

  • Bueno….hori bakarrik baldin bada… begira! etorri! nik lagunduko zaitut! Puntan duzun zulotxoa josi egingo dugu! haria hartu eta…. kolpe, kolpe, kolpeka, josi eta josi, josi eta josi,.... Josi eta josi eta….listo!!

  • Aii...maitagarri maitea, zer egingo nuke zu gabe? beti zaude laguntza behar dudanerako prest.

  • Lasai egon galtzerditxo, ni zure laguna naiz eta laguntza behar duzun guztietan lagunduko dizut! Orain, argia itzali  eta goxo goxo lo egitera…

  • Bai lagun orain bai lo ederto egin ahal izango dudala! eskerrik asko!

  • Gabon! muuaaa.

Bigarren etxean, GALTZERDI URDINA bizi da eta gau honetan ere oso triste joan da ohera. Gainera, busti-bustita dago, dutxatik atera berria. Egunero hirutan dutxa hartzen du: goizean, eguerdian eta gauean. Baina ezinezkoa du usain txarra gainetik kentzea. (Puag!) Galtzerditxo urdina oso triste dago inork ez duelako berarekin jolastu nahi. Saiatu eta saiatu, baina besteak beti urruntzen dira. Beraz, usain txar hori (Puag!) gainetik kentzeko, usain goxoa dauzkaten loreen artean igurtziz ibili da eta putzu bat ikusten duen bakoitzean bertara sartzen da, baina ezinezkoa... Oso bakarrik sentitzen da galtzerdi urdina eta denetarik probatu du, baina ezin. Triste jarri eta negarrez hasi da. Orduan, maitagarria esnatu eta berarengana hurbildu da.

 

  • Aizu! galtzerditxo! zer gertatzen zaizu? Zergatik zaude hain triste? 

  • Jo… begira... usaintzearekin bakarrik jakingo duzu! Ezin dut usain txar hau gainetik kendu eta inork ez du nahi nirekin jolastu.

  • Oi, oi, oi,... badakit dutxatu egiten zarela, baina…. ondo garbitu behar zara gero! xaboia erabiltzen al duzu?

  • Xaboia? baina zer da hori?

  • Begira! -orduan, maitagarrik bere poltsa magikotik xaboa atera eta galtzerditxori eman dio harekin garbitu ahal izateko. (xalala xalala, riki riki, xalala, rikirii, dutxan dardarak ur hotzarekin….)

Apar festa bat dirudi! Galtzerdi gizajoak begiak itxi ditu xaboia ez sartzeko. Orduan, ura bota eta xaboi guztia joan zaio eta dir-dir egiten du! Maitagarriak eguzkitako betaurrekoak jantzi behar izan ditu eguzkiaren argia baino gehiago distiratzen duelako. Lehortzeko putz eta putz egin eta azkenean, usain txarra hori loreetako usain goxoa bihurtu da. Orain, galtzerditxo herriko dotoreena da eta bere lagun guztiek berarekin jolastu nahi dute. Behin bere lana amaituta, maitagarri ohera joan da eta galtzerditxo urdina, pijama jantzi, argia itzali eta ohean sartu da. Oraingoan, bai, segituan lo seko geratu da eta bost minu pasatxo, zurrungak nonahi entzuten hasi dira.
 

Eta hirugarren etxean bizi den galtzerditxoak ere ezin du lorik hartu. GALTZERDITXO hau MOREA da eta oso triste dago bere bikotea galdu delako. Galtzerditxo moreak egun osoa eman du bere bikotearen bila: garbigailuan, alfonbra azpian, etxeko sarreran, armairuan, arropa zikinaren poltsan,... begiratu du baina ez… ez du inondik ere bere laguna aurkitzen! Orduan, galtzerditxo bikote berri bat bilatzen saiatu da….baina... ez da berdina! Beste gauza batzuk egiten hasi da bere laguna burutik kentzeko: telebista piztu du baina… ez du ezertarako balio! telebista beste galtzerdi bat ikusten duenean bere laguna etortzen zaio burura. Irakurtzen saiatu da ere, baina ezinezkoa du laguna burutik kentzea. Horrela ba, negarrez hasi eta negarrak esnatuta, bat-batean maitagarri agertu da.

  • Aizu! galtzerditxo! zer gertatzen zaizu? 

  • Ba...begira...nire laguna galdu dut eta ez dut inondik ere aurkitzen. Leku guztietatik bilatu dut, baina ez dut aurkitu!

Orduan, maitagarriak esan zion...

  • A ez? ezinezkoa dela diozu? ba… nik zure laguna ikusi dut!

  • Non? non? non? -galdetzen zuen galtzerditxo moreak.

Maitagarriak jolas bat proposatu zion:

  • Ikusi makusi zer ikusi? ikusten, ikusten, ikusten…. Hasten da, hasten da…. B letraz!

  • Mmmmm….botila! - esan zuen galtzerdiak.

  • Ez!

  • Joe… zein zaila den….

  • (ikusi makusi…) hasten da, hasten da,... BO!

  • Bonbila! esan zuen bigarrenean…

  • Ez!

  • Joe….zein zaila den….

  • (ikusi makusi…) hasten da, hasten da,.... BOT!

  • Bota!

  • Baiiii, hori da!! oraingoan bai!

Orduan, galtzerdia korrika batean botarengana joan zen eta oihu eginez…

  • Bikote! hemen zaude?

  • Galtzerditxo morea, zu al zara?

  • Bai!

  • Ai, ai, ai,.... tira ba, eman eskua….

  • Non zaude….? listo! harrapatu zaitut! gogor heldu e!

  • Baiii listo!! bat, bi eta hiru!

  • Aaaaaa…. hegaka noa! eskerrik asko lagun!

Orduantxe biak besarkatu eta bata besteari laztanduz lo geratu ziren.

  • Aiba! eta argia?

  • Lasai, nik itzaliko dut! -esan zuen maitagarriak.

Eta egun hartatik aurrera, galtzerdi arrosa, urdinak eta moreak gauetan goxo goxo egin dute lo. Maitagarri, leihotik begira, euren laguntxoen ametsen zaindari.

Osteguna 11: Ipuin berezia

HAUSNARKETAK

 

Bosgarren jarduera, hau magikoa izan zen. Gune beroa eta goxoa sortu genuen. Haurrak lasaitasunaren txokoan eseri ziren eta kandelak piztuta egonik haurrak liluratuta geratu ziren. Ipuin osoan zehar harridura ikusten zitzaien aurpegian eta gozamena nabaria zen. Azkeneko sorpresa ere gustatu zitzaien eta ipuina amaitzerakoan, hurbildu ziren eta kandelak bero bero ukitu zituzten. Galtzerdiak ere ukitu eta muxuak eman zizkieten.

bottom of page